XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guk geuk XIX. mendearen lehen erdialdeko andoaindar gizartea hautatu dugu aztergai, 1805-1845 urteetakoa, alegia.

Heriotzari buruzko pentsamolde eta jokaerak dira gizarte hau ezagutzeko proposatzen dugun bidea.

Sarrera gisa, azterketa demografikoa aurkezten da.

Analisi horretan hilkortasunaren bilakaera argitzen saiatu gara eta Andoaingo biztanlegoaren hazkunde orokorra.

Hasieran, 1805-1845 aldiko bilakaera demografikoa ezagutzea zen gure helburua, baina dokumentazio ezak sortutako arazoak direla eta (ik. 2.1 puntua), 1822-1845 epealdira mugatu dugu lanaren parte hori.

Sarrera demografikoan oinarrizkoa iruditu zaigun argibidea besterik ez dugu azaldu.

Beste historialariek, horrela nahi badute, osatu edo zuzenduko dituzte guk emandako datu eta ondorioak.

Gureak eta asto beltzarenak entzun behar baditugu, prest gaude.

Baina gure lanaren parterik garrantzitsuena testamentuen analisian oinarritzen da.

Ordeinu eta ordeinatzaileen kopuruak eta honelako agirien barne-egitura erakutsi ondoren, herioak sortzen zituen izpirituzko arazoak eta beren adierazpenak azaldu nahi izan ditugu: ehorzketak, hiletak eta anima-kofradiak, hain zuzen.

Gainera, ordeinuen jasotzaileak eta banatutako ondasunak aztertzen eta sailkatzen ahalegindu gara, horrelako argibideek andoaindar gizartea hobeto ulertzen lagunduko digutelakoan.

Lan honen izenburuan azaltzen dugunez, hilburuko eta ordeinuetara jo dugu dokumentazio eta argibidearen bila.

Izan ere, lehenago aipatutako historialarien iritziz, dokumentu-mota honen garrantzia ukaezina da.

Iritzi hori errespetatu eta jarraitu diogu gure lanean.

Gipuzkoako Artxibo Orrokorrean, Tolosan, 1805-1845 aldiko 93 ordeinu aurkitu dugu geure ikerlanerako, (ik. honako artikulu honen 3.4 puntua).

Hala ere, ez dira gure baliabide bakarra izan.

Testamentuek eskainitako argibidea osatzeko, Andoaingo Udal-Artxiboko dokumentazioa aztertu dugu, baita Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan gordetzen dena ere.

Azken artxibo horretan, Bataio eta Hildakoen Liburuak (5) Ik. Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, Parroki-Liburuak, Andoain, Tourseko San Martin: Finados de Andoain, desde 1802 octubre 5 a 24 de diciembre de 1845 (A1/13) eta Párvulos finados, libro nuevo donde se asientan las partidas de los párvulos finados de esta yglesia, fortnado en virtud del auto proveido por el s. Yllmo. el 11 de septiembre de 1819 (A1/14). erabili dira sarrera demografikoa prestatzeko.

Udaleko agiriei dagokienez, kontsultatutako dokumentazioaren artean Andoaingo Anima-Kofradiaren Liburua nabarmendu eta azpimarratzeak merezi du (6)Ik. Andoaingo Udal Artxiboa (A.U.A.), LH/122 espedientea: Libro de asiento de los cofrades de Cofradía de Animas establecida en esta villa de Andoain el año de 1726, vajo (sic) las constituciones que a continuación se copiarán.

Aurrera jarraitu baino lehenago artikulu hau euskaraz idazteko jarraitu diegun irizpideak azaldu nahi genituzke.

Euskara batuaren arauak ahalik eta gehien errespetatzen saiatu gara.

Ordeinuetan agertzen ziren hitz juridikoak euskaraz adierazteko ia beti U.Z.E.Ik argitaratutako hiztegietara jo dugu.

Zuzenbideari buruzkoa da sarrien erabili duguna, jakina.

Ortografiari dagokionean, agirietan agertzen ziren pertsonen abizenak garai horretan idazten ziren bezala idatzi ditugu.

Adibidez, ordeinu batean Charroalde abizena agertzen bazen, forma hori errespetatu dugu eta ez da, bere ordez, Txarroalde jarri.